Bizkaiko dantzen artean burutzen ditugun dantzetan talde nagusi bat aipa genezake lehenik, Durangoaldeko Dantzari Dantza.

Durangaldeko Dantzari Dantza

Dantzari Dantza Bizkaiko Durangoaldeko dantza zikloa da. Dantza hauetan zortzi mutilek osaturiko taldeak dantzatu ohi du, hainbat tresna ezberdin erabiltzen direlarik. Herriz-herriko ezberdintasunak badauden arren oinarria bera dela esan daiteke.

Dantza multzo honetan burutzen direnak hauek dira:

  • AGINTARIENA: Dantzarietako batek herriko ikurra astintzen duen dantza.
  • BANANGOA, BINANGOA, LAUNANGOA ETA ZORTZINANGOA: Hiru zati bereiz daitezke hauetan. Lehenengo eta hirugarrenean talde osoak hainbat mugimendu eta postu aldaketa egiten ditu (zortzinangoak bi zati hauek soilik dauzka) eta bigarren zatian dantzari bakoitzak banaka, binaka… dantzatzen du.
  • ARMA JOKOAK: Ezpata Joko Txikia, Ezpata Joko Nagusia eta Makil Jokoa. Hauetan dantzariek hainbat posizio aldaketa egingo dituzte tresnak elkarren aurka joaz.
  • TXOTXONGILO: Teoria batzuk diotenez  heriotza eta berpizkundea irudikatzen duen dantza bat.

Soka Dantza

Gizonezkoek nahiz emakumezkoek biribilean egiten duten gizarte dantza da. Erloju orratzen aurkako noranzkoan dantzatzen da. Dantza gidatzeaz lehenengo eta azken dantzariak arduratzen dira batik bat. Gaur egun hainbat zatiz osaturik dago soka dantza: Desafioa, esku aldatzekoa, kontrapasa, zortzikoa, orripekoa eta fandangoa.

Lekeitiko emakumeen aurreskua edo soka dantzak aipamen berezia merezi du hainbat desberdintasun baititu.

Lekeitioko Kaixarranka

Marinelen Kofradiako maiordomo aldaketarekin dantzari batek kutxa baten gainean burutzen duen dantza.

Markinako Mahai Gainekoa

Irailaren 29an gauerdian dantzatzen da, banaka. Hasiera batean, alkateak zuzentzen zuen dantza, parte hartzaileen artean ardoa banatuz. Gaur egun ez dago agintaririk eta plazan dantzatzen da.

Xemeingo Ezpata Dantza

1610. urtekoa da dantza honen lehen aipamena. 12 ezpata-dantzarik, maisu zaharrak eta 4 ezpata-txikik dantzatzen dute txistu eta atabalaren doinura.